HEMEN ALDIZKARIA
|
Ordiziako ERRALDOIEN Lagunak Erkuden Muguruza Herri bati nortasuna ematen dioten elementu desberdinen artean, bere amarria, bere ikurrinaz gain, erraldoi eta buruhandiak aurkitzen dira. Hauek Ordiziako festetako osagai esanguratsuenetarikoak dira, XVII. mende hasierako aztarnak daudelarik. Egun hauetan, herriko festetan murgilduta dabiltza ordiziarrak, eta erraldoi eta buruhandi konpartsak lagundu egiten du urtez urte, gazte eta helduagoen ilusioak berpiztuz. Ordiziako Erraldoien Lagunen Elkartea eratuta dago, non pertsonai berezi hauen suspertze eta erabilpenarekin, herria kanpkaldera ezagutarazi nahi da. Konpartsataz, gaur egun <<AZEN>> elkartea arduratzen da, 22 urte inguruko lagun koadrilak osatzen du, denak mutilak, beraien esanetan, erraldoiak eramateko altura konkretu bat behar delako eta neska pare bat saiatu badira ere ezinezkoa izan zaie. Gazte hauek <<Balakataklin>> aisialdi taldean zebiltzan, eta bertan hasi ziren pertsonai hauek kalera ateratzen. Arrazoi desberdinengatik, talde hau desagertu egin zen eta Udalak eskaera egin zion gazte koadrilla honi, herriko erraldoi eta buruhandietaz arduratzeko. Gogotsu hartutako proposamena izan zen eta iazko apirilean Lazkaoko festetan izan zuten estreinaldia. Talde honek Udalarenak diren pertsonaiak pasiatzen ditu kaleetan zehar. Konpartsa bost buruhandik eta sei erraldoiek osatzen dute, herrian gazteenek betidanik ezagutu dituztenak; aitona eta amona, erromatar bikotea eta mikeletea eta bere andrea. Egurrezko barnekaldea duten duten pertsonai hauek, 25 eta 40 kilo arteko pisua dute, bakoitzaren janzkerak eragin handia duelarik honetan. Esaterako mikeletearen arropa fieltrozko ohialarekin dago egina, honek zama gehitzen diolarik berezko egitura pisutxuari eta barnean dagoenari bero gehiago pasarazten dio. Inguruko herrietara joan ohi dira, Amezketa, Zegama, Alegia baina baita urrutirago ere, Errenteria edota Pasaian izan bait dira. Irteera hauek Udalak beste herri batzurekin dituen hitzarmenei esker egiten dira eta trukean bazkariren bat edo jasotzen du gazte talde honek. Gainontzeko gastuak Udalak ordaintzen ditu eta soinean daramaten kamiseta eta galtza motza, Ordizian merkatarien elkartearen borondatez jasotakoa da. Euskal Herri osoan egiten diren erraldoien kontzentrazio garrantzitsuenetarikoak dira Tutera eta Puentelareinan egiten direnak. Gonbitea luzatu diete bertan parte hartzeko baina Santiago egunarekin kointziditzen du eta herrian bertan badute konpromezua egun horretarako. Bestealde talde honek, orokorrean gazteen artean dagoen pasibotasuna azpimarratu nahi du. Beraiek talde irekia dira baina ez dirude jendeak interes gehiege duenik. Gazte batzuri gonbitea luzatu eta gero ez dute herritar gehiago bertaratzea. Onartzen dute ez dela lan xamurra, batez ere herriko festetan, gauen beranduago oheratzen garelako guztiok eta hurrengo egunean, goizean goiz erraldoi eta buruhandiak soinean hartuta kaleetan zehar ibiltzea ez da erreza. Dena den, hamarkote hau gustora dabil mundu honetan eta beraiekin harremanetan jarri nahi duenak bere zerbitzura du Ordiziako Erraldoien Lagunen webgunea: www.azen.vg |
|