GOIERRITARRA ALDIZKARIA
|
AZEN:Ordiziako Erraldoien Lagunen Elkartea Ordiziako jaiak erraldoi eta buruhandien irteerarekin hasten dira. Erraldoien azpian joaten direnak ezagutu nahi izan ditugu, "Azen:Ordiziako Erraldoien Lagunen Elkartekoak" hain zuzen ere. Duela bi urte sortu zen Azen Elkartea. Lagun taldeari, elkartearen forma eman zaio eta Azen elkartearen ardura izaten da, Ordizian, erraldoiak pasiatzera ateratzea. Ordiziako jaietan hiru egunetan ateratzen dira Aitona, Amona, Mikeletea eta bere emaztea, Cesar eta Cleopatra, Barrena azpiko lokal ilunetatik. Haurren jaietako larunbatetan eta uztailaren 24an, goiz eta arratsaldez, buruhandiak lagun dituztela ateratzen dira. 25ean, berriz, arratsaldez bakarrik, baina inguruko herrietako beste erraldoien konpainiarekin. Irteera gehiago ere egiten dituzte. Legazpi, Urretxu, Beasain, Zegama, Azpeiti, Oiartzun... Kamioian egiten dute bidaia. Egunez ere festa giroa jarriz 11 lagunek osatzen dute Azen, Ordiziako Erraldoien Lagunen Elkartea. Ordiziako jaietan erraldoiak ateratzea da taldearen helburua, eta horrekin batera, ondo pasatuz, egunez ere festa giroa jartzea. "Gure artean oso ondo pasatzen dugu. Erdi parrandan aritzen gara askotan", azaldu dute Azenekoek Ibiliz ikasi Hiru metro eta erdi pasako erraldoiak dira. 30 eta 40 kilo bitartean pisatzen dute. Erraldoia bakoitzaren jantziak gehitzen eta gutxitzen du pisua. Aitona eta amona dira arinenak. Astunena, berriz, Mikeletea. Erraldoi barruan sartu, bizkarrean hartu eta dantzan egiteko ez omen dute entrenamentu berezirik egiten. "Ibiliz ikasten da erraldoiak eramaten. Ez dago inongo sekreturik erraldoiak eramateko. Gutxieneko altura bat behar da, besterik ez. Gogoa da garrantzitsuena". Bitxikeriak Erraldoien azpi horretan makina bat bitxikeria bizi izan dituzte ordiziarrek. Oiartzunen, adibidez, oso herri aldapatsua izaki, gora-behera handiekin ibiltzen dira. Zegama, haize bolada batekin, erraldoi bat erori zitzaien eta herriko jendearen laguntzaz altxatu zuten. |
|