BERRIA EGUNKARIA
Erraldoien barruan dozenak
Ordiziako lagun talde batek Azen elkartea sortu zuen orain dela bost bat urte, erraldoiak herrian bertan atera eta kanpora emateko helburuarekin.
Santa Ana jai guztietan bezala Ordiziako erraldoiak buruhandiekin batera herriko kaleetan barrena umeen zirrara eta helduen oroimenak piztuko dituzte. XVII.mendetik ezagutzen dira Ordizian erraldoien eta beraiekin batera doazen konpartsen agerraldiak. Herriak bereak propio diren erraldoiak baditu ederki asko zainduak, baina harri-kartoizko mikelete eta erromatar gizandiek barruan pertsonak behar dituzte ezinbestean eta horiek Azen elkarteko ordiziarrak dira hain zuzen ere.
Galder Romo eta Jon Barandiaranek Azen izena boteprontoan ipini ziotela diote; hainbat izen pentsatu zituztela aurretik agertzen dute ordea. Donostiako Eusko Jaurlaritzako bulegoan zeudela Tartalo izena jadanik hartua omen zegoen, Ordiziako Erraldoien Lagunak izena ipintzea ezinezkoa zela eta azkenean, Donostiara ez bueltatzearren ordiziarrak Goierri aldean azak ezizenarekin ezagutzen direnez, Azen izena bat-batean atera zitzaiela adierazten dute.
Aurretik jaietan beste talde batek ateratzen zituen erraldoiak, baina elkarte gisa ez zegoen Jaurlaritzan erregistratua. Azenekoek txanda hartu zieten eta orduan elkarte gisa inskribatu eta Ordiziako Udalak erraldoiak herritik ateratzeko baimena eta erraldoiak erabiltzeko baimena ere eman zien.
Galder Romok adierazi duenez, ‹‹aurrekoak aisialdiko taldekoak ziren eta udalekuetan gure monitoreak ziren. Horrela ezagutu genituen eta beraiek erraldoiak eramateari uzten joan ziren adinean gu animatzen saiatu ziren, modu horretan hasi ginen››.
Azenekoak afizioz hasi ziren eta gaur egun bost bat urte daramatzate erraldoiak kalez kale mugitzen.
Izan ere, ez dira bakarrik Ordiziako jaietan ateratzen baizik eta beste hainbat herrietatik ere deitzen dituzte. Urtean zehar esate baterako Amezketara, Urretxura, Legazpira, Zaldibiara, Beasainera, Lazkaora, Zegamara, Azpeitira, Alegira edo Anoetara ere joaten dira. Normalean Ordiziko bertako buruhandiei beraiekin joateko prest dauden galdetzen diete eta horrela bada elkarrekin joaten dira beste herrietako jaietara. Beste batzutan Ordiziako sei erraldoiak eramaten dituzte eta berauek joaten dira bakarrik, beti ere eskakizuna egiten duen herriaren nahiaren arabera.
Erraldoi ordiziarrak
Sei dira hortaz Ordiziako erraldoiak. Bi aiton-amonak, mikeletea eta emaztea eta beste biak erromatarrak. Azenekoek erromatarretako bati Cesar deitzen diote barre artean, antza duela diote. Ordiziako erraldoietan arinenak hogeita bost eta hogeitamar kilo bitartean pisatzen ditu eta astunenak hogeita hamabost eta berrogei kilo bitartean. Azenekoek mutilak dira denak eta Galder Romok eta Jon Barandiaran kideek diotenez, ‹‹erraldoiak eramateko ez dago beharrezkoa den ezaugarririk ez eta prestakuntza konkreturik. Eskarmentua kaleetan erraldoiekin ibiliz lortzen da. Hasieran astiro joaten ginen eta ostean erraldoiak korrika eramateko gai izan ginen. Noizbait ordea, lagunen bati erraldoia erori zaio auto baten gainean, baina hau behin bakarrik gertatu zaigu››.
Ordiziko jaietan Azenekoak hirutan aterako dituzte erraldoiak buruhaniekin eta dultzainero, txaranga edo trikitilariekin. Lehengo asteburuan, Txikien koadrila egunean, aterako dira goizean eta arratsaldean. Uztailaren 24an ere, larunbata, goiz eta arratsaldez aterako dira. Eta igande arratsaldean, aurreko urteetan egin ohi duten lez beste herriko erraldoiekin bat kontzentrazioa egingo dute Alde Zaharrean eta Urdaneta kalean.